XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) gehiena Gipuzkoan, Donostialdean bereziki, kokatzen dela ikusten da.

Koantitatiboki begiratuz, aurreko urteetan sorturikoei gehitu beharko zaizkie 70.eko hamarkadan sortu berriak.

Koalitatiboki emandako aldaketak izango du, alabaina, eraginik handiena euskararen erabilpen idatziaren normalizazio-prozesuan.

Batetik, informazio-aldizkarien artean, informazio erlijioso edo lokala utzirik, informazio orokorreko astekari legeztatu bihurtzen dira, 1976. urtean, Zeruko Argia Anaitasuna eta Goiz Argi.

Euskal prentsa funtzional baten alde eginiko apustu honetan, egiturazko arazoez gain, astekarien esku egongo da kazetaritzako hizkuntza prestatzeko lana, garaiko egunkariek (la Voz de España, El Diario Vasco,...) baztertua izango baitute euskara kazetaritzari dagokion eremu propiotik.

Prentsa funtzional berri honi Deia eta Egin (1977) egunkarien eta Punto Y Hora, Garaia eta Berriak bezalako astekari elebidunen sorrera gehitu behar diogu; Euskal Herriko arazoak eta informazioa lantzeko sortuak, elebidunak (nahiz eta euskararen presentzia urria izan), planteamendu profesionalaz sortuak, euskal gizartearen kontzientzian eragin zuzena izango baitute.

Ordurarte prentsa klandestinoak betetzen zituen helburuetariko bat betetzera etorriko dira: prentsa legalak ematen ez zuen informazioa eman, orain legalak izanik, eskuindarren esku zegoen prentsak ematen ez zuen informazioa ematea (Egin-ek batez ere.)

Euskararen erabilpen idatziaren eremuan beste aldaketa garrantzitsua aldizkari espezializatuen eskutik dator.

Zientzia arloko Elhuyar aldizkariaren sorrerak eta ondorengo bilakaerak paper nagusia jokatuko du zientzia eta teknika arloko euskararen gaikuntzan.

Kultur aldizkarien artean, berriz, frankismoak eginiko eraso eta debekuen garaitik atereaz, 1977. urtean gorpuztuko dira aukera berriak, eta beraien artean Jakin; etenaldi askoren ondoren, 1977. urtean, argitaletxe izaterari utzi eta gai monografikodun aldizkari bihurtuz, indar berriz aterako dena eta euskara eta euskal kulturaren bilakaeraren azterketan erreferentzi puntu bihurtuko dena.

Aipatzekoak dira, Jakin-ekin batera Zabal eta Zehatz aldizkariak, nahiz eta lehenengoak bezainbeste ez iraun, bere garaian euskal kulturaren munduan itzal handikoak.

Diru-laguntzak lortzeko bideak irekiz joan ahala, 1975-80 urteen artean pisuzko 4 aldizkari bazeuden, 1980-88 bitartean 3 edo 4 aldiz ugarituko da kopurua; Baionan, Iruñean, Bilbon, zein Donostian sortuak, informazio orokorreko zein espezializatuak, literatura, antzerkia, zientzia eta teknika, soziolinguistika, soziopolitika etabarreko gai desberdinak landuko dituztenak.

Geografi eremu zabalari begira eginiko aldizkariekin batera, kontutan hartu behar dugu herri zein eskualde mailan sorturiko aldizkari mordoa, Euskal Herriko eskualde gehienetan sortu baita iraupen motzeko edo luzeko aldizkariren bat: (...).